XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GAITZ GUZTIAK EUSKAL ABERTZALETASUNARI

EUSKADIKO bizilagun guztiak edo gehienak abertzale izatea nahiko genuke, jakina. Baina horrek ez du adierazten, askotan egozten diguten bezala, ontzat geure abertzaletasuna bakarrik dugunik eta beste guztiena txartzat.

Hori da askoren trikimailua: zuen abertzaletasuna salatzen dugun bakoitzean besteon espainolismoa gaitzesten diguzue. Zuen abertzaletasuna bakarrik da ona eta besteona txarra.

Nazionalismo espainolik ez balitz bezala agertu nahi duen zenbaiten aingerukeria eta askoren maltzurkeria nabarmendu besterik ez dugu egiten horrekin.

Ez dugu inoren abertzaletasun demokratikorik gaitzesten.

Ongi erabiliaz gero indar eraginkor, eraikitzaile eta elkartzailea baita nornahiren abertzaletasuna. Eta ez dugu herri, kultura eta hizkuntza desberdinen Espainia eraiki nahi dutenen espainolismorik gaitzesten.

Denon onarpenez, onez onean eta demokratikoki, Euskadi elkartu, burujabe eta euskalduna egin nahi dutenen abertzaletasuna arbuiatzen eta eragozten eta, kosta ahala kosta, hizkuntza eta kultura bakarreko Espainia egin nahi dutenen nazionalismoa izkutatu nahi dutenen joko maltzurra salatzen ditugu.

Hemen, jakina, ETA, komeni denean, abertzaleon arazoa da, haren fundamentalismoz eta faxismoz euskal abertzaletasun guztia zikindu eta arbuiatu nahi delako, frankismoaren eta marxismo-lenismoaren hondakinetik ezer ez balu bezala.

Baina ttikiaren fundamentalismo zaratatsuarekin estali nahi du zenbaitek haundiaren okerragoa, Espainia bakar eta haundiaren fundamentalismoa, hasi Borbondar frantsestuetatik eta Esperanza Agirrerainoko guztiek, hasi foruak ezabatzetik eta euskal autonomiaren, euskal pizkundearen eta euskararen kontrako Francoren gerra eta larderia zale guztiek.

Ezin ukatuko dugu euskaldun batzuen fundamentalismoa eta faxismoa.

Baina banderari zin eginarazten, gazteak soldaduska egitera behartzen, soldaduskari muzin edo soldaduskatik ihes egiten dutenak zigortzen dituen, gaztelania jakitera behartzen eta batasunaren eusle armada duen nazionalismoa baino fundamentalistagorik ba ote?

Euskal Historia guztia ez da Frantziaren eta Espainiaren kontrakoa izan, baina ezta guztia aldekoa ere.

Historia horrek izan ditu bere gorabeherak.

Iberiak ere badu elkarrekin egindako historiarik.

Baita Europak ere, erromatarrekin eta kristauekin egina, besteak beste.

Gurutzada bat baino gehiago egin dute Europako herriek elkarrekin mairuen kontra.

Baita elkarren kontrako gerrarik ere, ordea, zoritxarrez.

Eta Euskal Herriak ere ez ditu beti harreman gozoak izan bere ingurukoekin, are gutxiago Frantzia eta Espainiako Estatuekin.

Batak bestea menderatu nahi duenean okertzen dira harremanak.

Bakean bizitzeko, berriz, ez da elkar errespetatzea bezalakorik. Ipar Irlandan, Gibraltarren eta herri, erkidego edo talde arazoa dagoen edozein lekutan, bertako herritarrik edo kiderik gehienen nahia eta erabakia errespetatzea da konponbiderik zentzuzkoena, noski.

Zein da fundamentalista hemen, herritarrik gehienen erabakia onartzeko prest dagoena edo prest ez dagoena?

Espainiaren batasuna sakratutzat eta dogmatzat duena ez al da fundamentalista eta dogmatikoa? Eta batasun horri armen indarrez eutsi nahi diona, zer da?

Ttikiaren fundamentalismo zaratatsuaz estali nahi da haundiaren okerragoa